Portafolio

jueves, 20 de marzo de 2025

HAUSNARKETA

 

III. ERANSKINA: Hausnarketarako txantiloia eta diagrama

Disziplina arteko lan hau burutzeko hautatu dugun gaia, aniztasuna izan da, bere osotasunean; izan ere aniztasuna funtsezko elementua da gizartearen eraikuntzan, eta horren ondorioz hezkuntza-sisteman. Gure gizartean kategoria sozial ezberdinak nabarmentzen dira, adibidez, kulturari lotutakoak eta ekonomikoak. Guk hautatutako gaia, aniztasuna, estuki lotuta dago elementu horiekin; izan ere, pertsonen arteko desberdintasun guztiak aberastasun gisa ikusteko helburua du, inklusioa bultzatuz. Kategoria sozial horiek beraz, aniztasun mota desberdinetan sailkatuko lirateke, hala nola, gizarte eta ekonomia aniztasuna edota kultura aniztasuna. Gure ustetan, azken hauek, gizarteko kategoria desberdinetan nabarmentzen diren gaiak dira; izan ere, ekonomiari dagokionez, batzuk maila altuko kategoria batean daudela esan genezake, beste batzuk aldiz, behean; horiei klaseak deritze. Berdina gertatzen da kultura aniztasunarekin.

Hezkuntza eta gizarte jarduera guztietan, aniztasuna ikusteko bi modu oso ezberdin daudela esan genezake. Batetik, erantzun positiboa, pertsona guztiak garen bezalakoak izatea babesten duen erantzuna; bestetik, erantzun negatiboa, pertsonak garen bezalakoak izatean sortzen diren desberdintasunek eragindako bazterketa eta desberdintasun egoera ugariren kausa bihurtzen dena. Bi hauen artean, argi dago erantzun hoberena positiboa dela, gizartean dauden ezberdintasunak aberastasun gisa ikusten dituena eta horiek bazterketa eta ezberdintasun egoerak ezabatzeko bidea irekitzen duelako.

Normatibitate sozialaren barruan aniztasuna sar daitekeen edo ez eztabaidagarria da. Gure ustez, aniztasuna normatibitate sozialaren parte izan beharko litzateke, baina, egungo errealitatean, ez da horrela. Oraindik ere, normatibitateak eredu eta kanon jakin batzuetan mantentzen ditu pertsonak gizartea, eta horrek desberdintasunak baztertzea eta zigortzea dakar, kanon eta eredu horietatik ateratzen den pertsona izanik baztertua. Hala ere, hezkuntzan aniztasuna normatibitate bihurtzea posible litzateke, gizartearen ikuspegia pixkanaka aldatuz eta aniztasunaren aberastasunaz jabetuz. Hori horrela izanik, kontziente gara gure eskuen artean dugun lan erraldoiaz, aniztasuna normatibitate bihurtzea ez baita lan erraza, eta agian ez da benetan nahi duguna. Agian normatibitatea ezabatzea baita nahi dugun gizartea sortzeko pausu garrantzitsua.

Gure ustez aniztausna eraikuntza sozial eta kulturalei kontra egiten dien kontzeptua da. Eraikuntza sozial eta kultural horiek desegite aldera sortutako kontzeptua, gizartearen normatibitatea apurtu eta beste gizarte mota bat eraikitzeko asmoa duena, jendearen artean ezberdintasun sozialik eragingo ez duena eta denak modu eroso eta justuan hezi eta hazi daitezen lortuko duena. Hori dela eta, esan genezake hezkuntzak zeregin garrantzitsua duela aniztasuna babestu eta goraipatzerako unean. 

Hezkuntza arloan, bost aniztasun mota ezberdintzen dira: kultura aniztasuna, gaur egun denok gara kultura ezberdin batetik eratorriak baina oraindik gure kulturakoak ez direnei mespretxuz eta aurreiritiz beterik begiratzen diegu; gaitasun pertsonalen aniztasuna, edozein eprtsonak izan dezake testuinguru jakin batean zerbait egiteko gaitasuna, beste testuinguru batean ordea, baliteke halako gaitasunik ez izatea; sexu-joeren aniztasuna, nork bere sexualitatea sentitu eta nahi bezalako sexu harremanak izateari dagokionez orientabide desberdinak izatea; genero aniztasuna, gizarte konstruktu bat da generoa, hezkuntza arloan desberdintasun askoren berri ematen diguna; eta azkenik, baliabide sozio-ekonomikoen aniztasuna, gizarte eta ekonomia maila apaleko ikasleek kontuan hartzeko arrisku talde bat osatzen dute.

Arestian aipatu bezala, eskolan aniztasuna lantzeak berebiziko garrantzia du, modu aktiboan landuz. Ikasleek testuinguru eta errealitate ezberdinak ulertu, onartu eta eguneroko esperientzietan oinarritutako hausnarketak egitera bultzatuz. Hausnarketa horietarako eta kontzientzia hartzeko, testigantzak entzutea eragingarria izan liteke, esperientzia desberdinak entzunaz. Bestalde, interesgarria litzateke haur bakoitzari bere inguruko ezaugarri bat marrazteko eskatzea, eta marrazki guztiak paretean jartzea, ikasgelan dagoen aberastasunaz jabetzeko. Hala ere, irakasleek aniztasunaren bueltan ikuspegi positibo bat eskaini ahal izateko ikasleei, garrantzitsua da etengabeko formakuntzan egotea, etengabe aldatzen ari den gizarte honetan. Aldian aldiko arazo eta problematikei aurre egiteko prest dauden irakasleak izatea baita aukerarik honena, haurren beharrei zuzenki erantzungo dietenak.

Horrez gain, eta beti kontutan izan beharra dugun gauza da: ikastetxeak komunitate bihurtzea. Familiek, herriak, ikasleek, irakasleek eta ikastetxeko langileek bihurtzea ikastetxea ikastetxe, eta ez soilik eskolan bertan lan egiten dutenek. Hori horrela denean, soilik ikuspuntu bat izatera heltzen gara, ikastetxetik ikusten duguna. Askotan, familiak beste begirada batekin datoz eta aberasgarria da haiek kontuan hartzea. Gainera, ikastetxearen funtzionamendu egoki baterako, ikuspegi anitzak izatea aberasgarria da, honen bitartez helduko baikara aniztasun eta inklusio batera. Ahaztu ezin dugun gauza da, uneoro ekitatean pentsatzen aritu beharra garela, bakoitzari behar duena eskainiz.

Aurrekoarekin lotuta, balearen bidean izandako esperientzia ekarri nahi genuke. Kasu honetan, kultura aniztasun handia dagoen herri batean (Orio) martxan jarritako proiektua dugu esku artean. Proiektu honek, Orioko balearen eta herriaren historia kontatzeaz gain, bertako familia migranteei ahotsa emateko balio izan du. Herrian hainen ezkutatuta dauden hizkuntza eta kulturei daukaten garrantzia emanez, Orioko herrian eta Zaragueta ikastetxean inklusiorako pausu handi bat eman dutela esan genezake. Gainera, aurretik aipatu berri dugun komunitatearekiko presentzia agertzen da proiektu honetan, ikastetxeak komunitatearekin kontatu duelako proiektu hau martxan jartzeko. 

Jarraitzeko, teknologien erabilerak eztabaida asko sortzen dituen arren hezkuntza arloan, inklusiorako bidean tresna oso erabilgarria dela deritzogu, erabilera egokia emanez gero. Hasteko, teknologiak zuzeneko eragina du ikasleen aniztasunean, ikasleen errtimora egokitzeko tresna garrantzitsua baita, pertsonalizazioa eta inklusioa sustatuz. Ikasteko estilo desberdinak eskaintzen ditu bakoitzaren beharretara egokituz, eta azkenik, motibazioa eta autonomia garatzen laguntzen dute, tresna berritzaileen bidez. Jarraitzeko, teknologiak zapalkuntza egoerak adierazteko erabilgarriak direla pentsatzen dugu, alde batetik, sare sozialen bidez, testigantza desberdinak parteka daitezke, eta horrek ahots desberdinak zabaltzen lagundu dezake. Bestalde, Haur Hezkuntzan gehiago sakonduz, haurrei bideo labur edo pelikula desberdinak ipintzeak (zapalkuntza egoeren inguruan) eta ondoren elkarrizketak izateak, haiengan kontzientzia piztu dezakete. 

Teknologiak modu inklusiboan erabiltzeko, ezinbestekoa da gelan dauden behar ezberdinak identifikatzea, ahalik eta erantzun hoberena eman diezaiogun. Adibidez, garun paralisia duen haur bati piktograma ugari dituen tableta eskaini diezaiokegu, gurekin errazago komunikatzeko aukera izan dezan. Lehen aipatu bezala, ikasleen erritmo eta behar ezberdinetara egokitzeko plataformen erabilerak inklusioa sustatzen du. Teknologiari beharrezkoa den erabilera ematen bazaio, eta mugak ezartzen badira, neutrala eta ez kutsakorra izan daiteke. Baina batzuetan, muga hauek ezartzea oso zaila da, teknologiak geroz eta aurreratuagoak baitaude, beraz erdiko bide hori bilatzen ez bada, zaila izango da modu eraginkor batean, teknologiei erabilera onuragarria ematea.

Aniztasunaz hitz egitean, hitzak eta hizkuntzak duen garrantzi eta eraginaz jabetu gara. Batetik, hitza daukagu, honekin aniztasunaz hitz egitean erabiltzen dugun hiztegiari erreparatu nahi diogu. Askotan, hiztegi pobre edo negatiboa erabiltzeko joera dugu eta horrek ez du inklusioa bultzatuko inondik inora. Inklusioa bermatzeko, hiztegi aberats, inklusibo eta anitza erabiltzea ezinbestekoa dela argi dugu, irakasle, guraso eta ikas-komunitateko kide bezala. Era horretara, ikasleek barneratuko duten hiztegia izango da. Bestetik, hizkuntzaren garrantzia azpimarraztea egokitzen zaigu, aniztasunaren adierazleetako bat baita. Esaterako, eleaniztasuna bi hizkuntza edo gehiago erabiltzeko gaitasuna duen pertsona edo komunitateen egoera da, hau da, hizkuntzen aniztasuna dakar. Hori dela eta, aniztasunaren barne aurkitzen den alderdia dela esan genezake eleaniztasuna. Gainera, orokorrean, hizkuntza kulturarekin lotuta ageri da bete betean, eta ondorioz kultura aniztasunarekin.

Guk aukeratutako gaia aniztasuna izanik, kultura eta hizkuntza aniztasunak euskarazko hezkuntzan erabateko eragina dutela pentsatzen dugu, eta aniztasunaren beste ikuskera eta kudeaketa batek euskarazko hezkuntzaren egungo erronka nagusiak gainditzeko aukera emango lukeela pentsatzen dugu. Hala ere, euskararen erronkak gainditzeaz gain, euskararekin batera hizkuntza gutxituak direnen erronkak gainditzea ere egokituko zaigu ikastetxe batean lanean ari garenean. Hizkuntza eta kultura gutxituak sustatuz aniztasunaren trataera egokia egiten dela uste dugulako. Adibidez, aurretik aipatutako Balearen Bidea proiektu polita da hizkuntza gutxituak goraipatu eta sustatzeko, baita herri bateko hizkuntza aniztasuna eta aniztasun kulturala bultzatzeko.

Sexu-joeren aniztasuna eta genero aniztasunera gerturatzeko, Ikertze taldearen hitzaldian jasotako zenbait ideia ekarri nahi genituzke gurera. Batetik, “hezkidetza” hitzaren esanahia: hezkuntza prozesu integrala da, ikasleen berdintasuna oreka egoeran egotea helburu duena. Beraz, hezkidetzaren bitartez, aniztasunaren trataera egokia egiteko bidea eta eskola inklusibo batera iristeko aukera egokia dugula pentsatzen dugu. Hezkidetzaren bitartez, ikastetxean ematen diren diskriminazioak detektatzen dira eta jarduera, prozesu… ezberdinak jartzen dira martxan horri aurre egiteko. 

Tailer horretan jasotako bi hitz ekartzea garrantzitsua iruditzen zaigu: ez bitartasuna eta intersekzionalitatea. Ez bitartasuna, sexu-genero sistematik at aurkitzen den posizionamendua da, estereotipo, genero-rol eta gizarteak sortzen dizkigun kaiolak apurtu nahi dituena. Ez bitartasunaren helburua, begirada parean dugun pertsonan jartzea da, eta ez bere genital, genero, sexu-joeran. Intersekzionalitatea, aniztasunaren gaiarekin eskutik lotuta doan hitza da. Aniztasuna dagoenean, beti aurkituko ditugu talde minorizatuak, eta intersekzionalitatea gizartean gertatzen diren diskriminazioak identifikatzeko balio duen teoria bat da. Teoriak dio, zapalkuntza ardatzak elkarrekin gurutzatu daitezkeela eta aldakorrak direla. Adibidez, pertsona bat zapaldua izan daiteke emakumea izateagatik, baina zapaltzailea txuria izateagatik. Teoria honen bitartez, gizartean dauden zapalkuntzen arabera mekanismo ezberdinak jartzen dira martxan, pribilegioak ezabatu eta aniztasuna eta inklusioa gailentzeko.

Gaitasun pertsonalen aniztasunari erreparatuz, Gautenaren eskutik jaso genuen hitzaldia lagungarria izan zela pentsatzen dugu. Gautena Gipuzkoako Autismo Elkartea da, 1978an sortua guraso elkarte batek, behar bati erantzuna emateko. Elkarte honek geroztik eskola publiko zein pribatuetan gela egonkor deritzenak sortu zituzten. Gela egonkorrek inklusioa bultzatzea dute helburu, eremu babestu eta txikiak dira, eta kasu honetan autismoa duten ikasleek dituzten beharrei erantzuna emateko sortuak dira. Gela egonkorra, aniztasuna modu aberatsean ikusi eta behar duen erantzuna emateko bide bat dela ikusi dugu. Esaterako, gaur egun Haur Hezkuntzako geletan mugimendu autonomoaren metodologia proposatzen da, baina Gautenakoen hitzetan, “ez diote aniztasunari behar bezala erantzuten”. Horregatik, berraipatu nahi genuke hausnarketaren eta formakuntzaren garrantzia, ikuspuntu eta begirada ezberdinetatik aniztasunaren beharrak identifikatu eta erantzun egoki bat ematera iritsi ahal izateko.

Bestalde Haur Hezkuntzan baliabide sozioekonomikoen aniztasunak funtsezko papera betetzen duela uste dugu. Giro anitz bat sortzeak, haur bakoitzaren gaitasunak modu eraginkor batean garatzea bultzatzen du, aukera berdintasuna bultzatuz. Bakoitzaren baliabide sozioekonomikoak anitzak eta desberdinak badira, esperientzia desberdinak bizitzeko aukera dute haurrek, motibazioa eta gogoa piztuz. Horretarako, baliabideak modu orekatuan banatzea ezinbestekoa dela uste dugu, guztien kalitatezko hezkuntza berma dadin. Familiekin ere antzekoa gertatzen da; izan ere, familia guztien egoera sozioekonomiko desberdinak, haurren ikaskuntza aukeretan eragin zuzena dute, batzuek etxean liburuak eta jostailu didaktikoak dituzten bitartean, beste batzuek, ez dute hartarako aukerarik. Egoeran hau, taldeko kide batzuek, burututako lehen praktikaldian ikusi dute, eta honen inguruan hausnartzera eraman gaitu, topatu ditugun familiak, sozioekonomikoki oso anitzak baitziren. Gure ustetan, ezinbestekoa da ikastetxea gune seguru eta konfiantzazkoa izateaz gain, aukera berdintasuna bermatzen duen espazioa izatea.

Amaitzeko, gure ustez, aniztasuna bizi guztian egon da, baina aldaketa nagusi bat dago, aniztasunaren barruan sailkapen eta izendapenak zabaltzea. Sailkapen eta izendapenez gain, bisualizazio bat eman zaio aniztasunari, hau da, terminologiaren hedapen bat egon da. Hala ere, bisualizazio maila ez da bera izan aniztasun mota eta testuinguru guztietan. Kolektibo eta talde ezberdinak sortu dira, eta talde horiek pertsonen ahalduntzea ekarri dute. Ahalduntze hori, kolektibo/taldeen lanketatik dator, ez gizartetik. Izan ere, orokorrean aniztasunaren aurrean gizartearen erantzunak negatiboa izaten jarraitzen duela esatera ausartzen gara. Hori horrela izanik, gizartearen erantzunak zigorra izaten jarraitzen du, eta askotan fisikoki ikusi ezin den arren, psikologikoki eta sozialki ematen diren zigorrak presente daude. Hala ere, badago jendea aniztasuna aberastasun gisa ikusten duena eta ikuspegi hori hedatzeko lan egiten duena, eta etorkizuneko irakasle bezala, hori da guri egokitzen zaiguna.


No hay comentarios:

Publicar un comentario

DILAN

1) Moduluak aurreikusiak zituen konpetentziak lortu direla uste al duzue? Bai, uste dugu moduluak aurreikusitako konpetentziak lortu direla,...