1) Moduluak aurreikusiak zituen konpetentziak lortu direla uste al duzue?
Bai, uste dugu moduluak aurreikusitako konpetentziak lortu direla, nahiz eta hobekuntzarako tartea ere badagoen. Oro har, ikasgai desberdinetan landu dugun teoriak, eta hitzaldi eta jarduera desberdinetako informazioak, hainbat atal zehatz garatzeko aukera eman digute: adibidez, laneko metodologia egokiak erabiltzen ikasi dugu, tresna teknologikoak modu egokian aplikatzen, eta talde-lanean aritzeko gaitasuna ere nabarmen garatu dugu.
Hala ere, konpetentzia batzuk gehiago lantzeko aukera eskertuko genuke. Hitzaldi eta jarduera guztiek, sakonean antzekotasun asko badituzte ere, batzuetan, bertan aipatutako hainbat kontzeptu, eta orokorrean eduki, azkar joan dira, eta horrek zaildu egin dezake benetako lan testuinguru batean segurtasunez jardutea.
2) Moduluaren nondik norakoak azaltzen dituen txostena aproposa dela uste al duzue? Ezer aldatuko al zenukete?
Gida pixka bat zaharkitua eta eguneratu gabea dagoela uste dugu. Data batzuk ez dute bat egiten eta horrek nahasmenduak ekarri dizkigute. Hala ere, irakasleei kontsultak eginez argiago geratu zaizkigu datak etab. Bestela, ongi dagoela pentsatzen dugu. Lanaren nondik norakoak argi azaltzen ditu, eginbeharrak zehazten ditu eta oinarria baita ere. Gainera, aurkezpenaren inguruko informazioa ere ematen du.
Puntu garrantzitsua iruditu zaigu ebaluazio irizpideak zehaztea, horrela, gure lana nola ebaluatu eta zuzenduko dutenaren inguruko zantzuak ditugu. Asko balio izan digu gure lanari azken ukituak ematerako unean, biribiltasuna eskuratzen lagundu digulako.
Aldatzekotan aurretik aipatutakoa, hau da, eguneratuta egotea eta datek bat.
3) Nolakoa izan da ikasleen inplikazioa diziplinarteko lanean? Zergatik? (Adibidez: motibatuak egon zarete, galderak egin dituzue, tutoretzei probetxua atera diezue)
Oro har, ikasleok hasieran galduta egon bagara ere, erritmoa hartu ostean, ideiak plazaratzeko motibazioa izan dugu. Esan beharra dago, galduta egotearen arrazoi nagusienetarikoa, ikasgelan
DILANari eskaini ez dizkiogun ordu faltagatik izan dela. Beste lauhilekoetan, ikasgelan lan hau egiteko denbora izateak, zalantzak argitzen lagundu izan digu, aldiz, azken honetan, oso zintzilik ikusi dugu.
Gure kasuan, tutoretzak klase orduan izan dira eta zalantzak argitzeko erabilgarria izan bada ere, batzuetan, hariari eustea zaila egin zaigu, ez baikenituen lanaren nondik norakoak argi. Narratiba digitalaren kasuan, talde bakoitzak bideo erabat desberdinak egin dituenez, taldeon arteko zalantzak nagusitu dira gugan. Horren lan desberdinak egiteak, gugan zalantza sortu du, ez baikenekien ze punturaino zen gure lana egokia.
4) Nolakoa izan da irakasleen inplikazioa diziplinarteko lanean? (Adibidez: prestutasuna erakutsi dute, suertatu diren zailtasunak kudeatu dituzte, koordinatuak egon dira, komunikazioa erraztu dute)
Irakasleen inplikazioa, positiboa izan da diziplinarteko lanean. Prestutasuna adierazi dute uneoro, ordutegien irisgarritasunean (tutoretzak egiteko) eta ikasleok zalantzak izan ditugun unean, haiek argitu dituzte. Zalantza horiez gain, beharrezkoak izan ditugun laguntzak eskaini dizkigute, lana errazagoa izan zedin.
Hala ere, egia da batzuetan irakasleen arteko koordinazioa ez zaigula erabat eraginkorra iruditu, eta horrek gure antolaketan (epeak betetzeko) eragina izan du. Batzuek informazio desberdina ematen zuten, edo gehienbat, egitura desberdin bat proposatzen zuten, eta horrek, taldeen arteko zalantzak sortzen zituen. Baina hala eta guztiz ere, asko eskertu da irakasleen prestutasuna arlo guztietan, laguntzeko eta zalantzak argitzeko gogoa.
5) Beste lan mota bat egitea proposatuko zenukete? Zein? Edo egin duzuen lanaren inguruan hobekuntzarik planteatuko zenukete? Zeintzuk?
Oro har, lana oso eraginkorra iruditu zaigu, lauhileko honetako ikasgaiak modu osatu batean islatzen baititu. Bestalde, amaierako lana bi atal desberdinetan banatzeak (narratiba digitala eta egile testua) dinamikotasuna bermatu du; izan ere, guztia txosten batean entregatu beharko balitz, oso errepikakorra irudituko litzaiguke. Bideoa egiteak, lan idatzia modu bisual batean ikustea bermatzen du, eta landu ditugun gaiak kontuan izanda, oso erabilgarria iruditu zaigu.
Lanaren inguruan, oro har, proposamenik ez genuke adieraziko. Hobekuntzarako proposamena, nagusiki lanaren egituraketan egongo litzatekeela uste dugu, hau da, talde guztiek, oinarrizko egitura berdin bat izatea, eta bertatik abiatuta osatzea lana, ez daitezen zalantza asko egon.
No hay comentarios:
Publicar un comentario